2000 HERNANI LADRILAZO Molotoff Irratia festak

AZALPENA

Milaurteko berriaren atarian, espazio berezi batean festa antolatzeko aukera izan genuen. Karabel auzoan, argindar estazio zaharra bazegoen, dorre modukoa. Zonalde horretan pabelloiak eraikitzeko asmoa zegoen baina hori gertatu bitartean, urteetan abandonatuta egon zen espazio hori okupatu eta herriko gaztetxe bilakatu zen denbora tarte batean (Paradorrean zegoen gaztetxea sute baten ondorioz bota zuten). 


2000. urteko apirilaren 08an Molotoff irratiak festa antolatu zuen bertan. Lekua ikusgarria zen festak antolatzeko. Ladrilozko dorre altua zen, metalezko bobina haundiekin. Espazio industrial horretan, inguruan bizilagunik gabe eta eszenatoki antzekoa jarri ziotela, leku magikoa zen festak antolatzeko. Argindarraren faltan, argi generadorea alokatu genuen eta egun batzuetako lana eta gero, txokoa egokitu genuen. Putre enkargatu zen soinu ekipoaz eta irratiko hainbat kide arduratu ziren gainontzeko azpiegiuraz (barra, etab). Sarrerak 200pzta balio zituen :-)

Hauxe da festa horretaz degun argazki bakarra. Norbaitek argazki gehiago balitu bidali diezaigula, mesedez...


Jende asko gerturatu zen eta oso festa ederra izan zen. Guardia zibila ere inguruan izan genuen baina azkenean, arazorik gabe. 


Nekagarria zen oso festa hauek antolatzea baina merezi zuen. 

Eskerrak eman behar dizkiogu garai hartan espazio hori okupatu eta gaztetxe bilakatu zutenei (Otxoto eta konpainia). Baita egitarauan parte hartu zutenei eta festara gerturatu zirenei ere.

Festaren kartela, collage modukoa egin genuen, eskuz eginda. Oinarria Curtis Mayfield haundiaren Curtom diskoetxearen logoa izan zen :-)

 

 

Hernani 2000 LAdrilazo

Horrela iragarri genuen festa:

Kaixo! 
Zer moduz?

MOLOTOFF IRRATIA- HERNANIKO AHOTSA irrati libreak denbora luzean ahaztuko ez den festa antolatu du. Festa larunbat honetan APIRILAK 8 an ospatuko da Hernaniko LADRILAZO lokal okupatuan. Festa honen berri ematea bihotzez eskertuko genizueke (kontzertuak eta agenda ataletan ahal bada). 

Gozatuko dugun EGITARAUA: 

22.30: JUNGLA URBANA 
(Bilboko Hip-Hop talde berria. Lau neska ahotsetan + DJ-a platoetan) 

23.00: ZURHARTEAN 
(Hernaniko txalapartari eta perkusio joleak) 

23.15: SELEKTAH KOLEKTIBOA 
(Hendaia-Iruñea-Zizurkil-Hernani. Hiru abeslari + Dj-a. Esan Ozenkirekin kaleratu berri duten diskaren aurkezpena) 

24.00-7.00: MUSIKA JARTZAILEAK 

MICROCLIMA (Barna. Roots & Funk) 
Dj. TALO (Astig. Etno-Tekno) 
Aritz SOUND SYSTEM (Hernani. Musika beltza)
 

FESTA LEKUA: LADRILAZO LOKAL OKUPATUA 
EGUNA: APIRILAK 8, Larunbata. 22.30etatik goizeko 7.00ak arte. 

------

(Garai analogiko haietan) Argazkiak behar ditugu, mesedez!!!